IKUSLE AKTORE ESKOLA : GORPUTZA JOKOAN

EliralE konpainia eta Hego Lapurdiko Hirigunea

2013an, Agglomération Sud Pays Basque erakundeak indartu egin zuen EliralE Konpainiari ematen dion babesa ikerketa artistikoari laguntzeko hitzarmen baten bidez. Testuinguru horretan, helduei zuzendutako prestakuntza abiarazi zuen Konpainiak: Ikusle Aktore Eskola, Gorputz Jokoa.
2 edo 3 eguneko elkarraldi hauek heldu guztiei zuzenduta daude, betiere mundu artistikoa jorratu nahi badute ikusle soilarena gainditzen duen hurbilketa bat eginez mundu horretara.
” Ikusi-interpretatu-egin” ikuspegiaren bidez Agglomération Sud Pays Basque erakundeak programatutako proposamen bat gauzatuko dute ikusle aktoreek. Horretarako, gai baten inguruan ardazten du saio bakoitza EliralE Konpainiak eta artistak gonbidatzen ditu proiektu honetan laguntzera. Mugimendua aztertzeko Laban eta FeldenkraÏs teknikak erabiliz, ikuskizun bizia hautemateko tresnak eskuratzea ahalbidetzen du Eskola horrek.

ESKOLENGANAKO ENGAIAMENDU SOZIAL ETA PEDAGOGIKO BAT BERE LURRALDEAN

Konpainia sortu zenetik eta publiko gaztearentzako ikuskizunak proposatu aurretik ere, Pantxika Telleriak, Estatuko irakasle diplomadun denak, lan sakona egin du gazteak sentsibilizatzearen arloan.
Gazteen inguruko inplikazio hori benetako premia da koreografoarentzat zein artistentzat, bertatik bertarako lan hori ezinbesteko bektorea baita, publikoarekin etengabeko joan-etorria sortzen duena, sorkuntza elikatzeko moduan betiere.
Horregatik, Konpainiak 2005ean bere sorkuntzei “jende guztiarentzako ” etiketa jarri zienetik, herri-bizitzaren bihotzean txertatzeko premia nabaritu du, handi eta txikien bila abiatuz. Izan ere, 2009az geroztik, Konpainiaren artistek adierazpeneko eta sorkuntza artistikoko lantegiak gidatzen dituzte Azkainen, dantza garaikidearen eta dantza herrikoiaren bidegurutzean, euskaraz, txikiei zein helduei zuzenduta. Azkainen edo Senperen dela, EliralE Konpainiak lan-jardunera gonbidatzen du publikoa, guztiak ere sorkuntza-prozesuaren bihotzera sar daitezen, beren buruari galderak egin diezazkioten eta artista eta koreografoekin bizipen-trukea izan dezaten.
Bestalde, Konpainiak eskaerak izaten ditu eta eskola-inguruneko proiektu ugarietan parte hartzen du kolektibitate eta erakundeen eskari gero eta handiagoari erantzuteko, beren lurraldeetan izango duten benetako lan sakona dela-eta. Hortaz, bere lan-lurraldean esku hartzen du, baita Departamenduko beste lurralde batzuetan ere, Arte eta Kultura Hezkuntzaren arloan zein haratago, zabalkunde-lanetan ari denean. Bitartekotza-lan hori DRAC erakundeak, Agglomération Sud Pays Basque erakundeak, Ikuskaritza Akademikoak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Azkaineko Herriko-etxeak babesten dute gure lurraldean.