Arrosa Urria: gorputzaren eta gorputzak erran nahi duenaren zerbitzura

Urtero bezala, Elirale Konpainiak bere ekarpen xumea egin nahi izan dio Arrosa Urria kanpainari, bularreko minbiziaren prebentzioan eta ahalik eta emakume gehien sentsibilizatzeko lanean parte hartuz.

Aurten ere, Senpereko Sor-Egin / Renaitre elkartearekin elkarlanean aritu gara, urriaren 18an, igandean. Horretarako, dantza eta norberaren adierazpena lantzeko tailer bat eskaini dugu, Pantxika Telleriak gidaturik, 13:45etik 14:15era. Gorputza berriz ezagutzeko gonbidapena izan da: zaindua, herdoildua, zauritua edo, besterik gabe, mugitzeko gogoz dagoen gorputza… Norberaren sentsazioekin berriz harremanetan sartzeko, gorputzari askatasunez adierazten uzteko eta hark erran nahi diguna epaitu gabe entzuteko une bat.

Mugimendua norbere buruari entzuteko, norbere burua berriz aurkitzeko eta norberarekin harremana berritzeko modu bat ere badelako.